Deskribapena
Ahalegin handiak egingo dituzte hemendik aurrera ere, bidea gorpuz beterik uzten ari den zentzugabekeriak aurrera jarrai dezan. Eta ahalegin horien artean, ez dira gutxi izango informazioaren mundura bideratuak. Hedabideen sektorea negozio-eredu aldaketan murgilduta dago eta, desagertzea saihesteko, medio asko kapital handien eskuetan erortzen ari dira. Korporazioen atzaparretatik ihes egiten duten hedabideak geroz eta gutxiago dira; eta are urriagoak dira Argia bezala langileen eskuetan daudenak.
Geure buruaren jabe izateak ematen digun askatasunaren fruitua da abuztu honetan kaleratu dugun argitalpen hau ere. Espero dugu interesgarriak irudituko zaizkizun kontuak jaso izana. Hala balitz, zure arreta deitu duten edukiak ingurukoen artean zabaltzea ere eskertuko genizuke, zenbat eta jende gehiagok informazio burujabea jaso, orduan eta prestatuago egongo baikara aurrerantzean izango ditugun erronkei aurre egiteko.