Deskribapena
Nor gara?
Amillubi proiektua Biolur elkarteak sustatzen du. Biolur Gipuzkoako elkartea da, 1993an sortu zen, nekazaritza eta abeltzantza ekologikoa sustatu eta bultzatzeko.
Herritar eta ekoizleek osatutako irabazi asmorik gabeko elkartea da. Biolurren xede nagusia, elkarlanean eta lankidetza ezberdinak eraikiz, nekazaritza eta abeltzaintza agroekologikoa eta iraunkorraren bidez gure lurraren epe luzeko emankortasuna bermatzea, jendartearentzako elikagai osasuntsuak sortzea eta landa inguru eta herri biziak eta duinak sustatzea da.
Urte hauetan landutako lankidetza bideari esker Amillubiko Talde Eragilea sortu dugu. Bertan parte hartzen dugu Biolurreko hainbat kide baserritar eta ekoizlek, herritarrak eta eragileak. Talde eragile honek Amillubin garatuko diren proiektu agroekologikoak zehaztu, ibilbide sozioekonomikoa jorratu eta arlo komunikatiboa lantzen ditu.
Proiektu hau sustatzen duen Gure Sarea.
Zertarako Amillubi?
Amillubi baserria eta bere lurrak erostera goaz! Elikadura burujabetzarako bidean lurrarekin errespetuzkoak diren laborantza proiektuak jarriko ditugu martxan Amillubin; formazioa eta nekazarien arteko saretzea sustatuko ditugu, eta nekazari berri gehiagoren bidelagunak izango gara. Proiektuaren helburu nagusia da Amillubi ondasun kolektibo bilakatzea, eta horren bitartez:
• Herritarrek bertako eta osasuntsuak diren elikagaiak eskuratzea.
• Nekazariek lurrak modu duinean lantzeko aukera izatea.
• Lurra espekulaziotik zein artifizializaziotik babestea.
• Lehen sektorea eta gure elikadura sistema indartzea.
Zergatik Amillubi?
Amillubi 5 hektarea-baso eta 4 hektarea belardi natural eta nekazaritzarako lur saliez osatzen da. Balio agroekologiko handiko eremu zabal hau herritarrontzat elikagaiak sortzeko eta babesteko aukera daukagu eskuartean. Gainera, leku estrategiko batean kokatuta dago bereziki hiru arrazoiengatik:
• Amillubi baserria Urola ibaiaren meandro naturalean dago, Zestoa herriko Iraeta auzoan. Meandroan egoteak krisi klimatikoaren garaiotan ura eskura izatea bermatzen digu eta lurraren emankortasuna indartzen du.
• Elikagaien banaketarako logistika antolatzeko leku egokian dago.
• Amillubiko lurrak entitate-publikoaren jabetza duten 26 hektareako nekazaritza lur gisa kalifikatuta dauden eremu zabal baten alboan daude, etorkizunera begira proiektua hedatzeko aukera paregabea eskainiz.
Nora bideratuko da bildutako dirua?
Bildutako dirua Amillubi erosteko erabiliko da. Erosketa epe desberdinetan egitea adostu dugu, eta horretarako finantzaketa-mota desberdinak lantzen ari gara. 390.000€ behar ditugu erosketarako eta baserria konpontzeko. Crowdfounding-aren bidez bildu nahi ditugun 150.000€ baino gehiago bilduz gero, baserria eta bere lurrak eskuratu arte geratzen diren ordainketak egiten jarraitzeko erabiliko da. Erosketaren balio osoa, hau da, 390.000 € gaindituz gero, Amillubin garatu nahi diren lehen proiektu pilotuak (mintegi kolektiboa eta nekazaritza-ekoizpena) martxan jartzeko beharrezkoa den egiturak eskuratzeko erabiliko da.