Bertso bazkari berezia “Agendak 10 urte!” irailaren 26an Azpeitian

Prezio tartea: 15,00€tik 28,00€ra

OHARRA: Bazkariko egunean eroslearen izen-abizenak eta sarrera kopurua adieraztea beharrezkoa izango da.

Zatoz bertso bazkari berezira, ilargiari begiratzen dioten baratzezaleekin ospatzera.

Ilargia eta landareak 2027 agenda laster izango dugu eskuetan. Ilargiaren arabera sasoi bakoitzean landareekin zer lan egin azaltzen duen agenda honek urteurren biribila beteko du, gainera: hamargarren agenda izango da. Hori ospatzeko bertso bazkari berezia antolatu du ARGIAren Bizi Baratzea ildoak. Irailaren 26an, 14:00etan, Azpeitiko (Gipuzkoa) Azoka Plazan, bertako elikagaiekin prestatutako bazkaria dastatuko dugu, agendaren egile Jakoba Errekondoren azalpenekin eta Antton Olariagaren iruditegi umoretsuarekin ilustratuko gara eta Maddalen Arzallus eta Unai Agirreren bat-bateko bertsoekin eta bertso zaharrekin gozatuko dugu. Biribildu agendan hitzordua eta erreserbatu zure txartelak.

Deskribapena

Aurkezpena baino, jaia izango da, ilargiaren, baratzearen eta orokorrean landareen zaleek giro ederrean elkarrekin gozatzeko bazkaria, hain zuzen. Azpeitiko (Gipuzkoa) Azoka Plazan eta 14:00etan hasita, barrenak goxatuko dizkigu 150 kilometroren bueltan ekoiztutako elikagaiekin Elikaguneak prestatutako bazkariak. Bazkalostean, gozatuko dugu Maddalen Arzallusek eta Unai Agirrek landareak gaitzat hartuta kantatuko dituzten bertsoekin: bertso-jarri zaharrak batetik, eta uneak inspiratutako bat-batekoak, bestetik. Eta, nola ez, Jakoba Errekondok fruitu arbolei buruzko azalpenak emango ditu eta bertaratutakoen galderak erantzungo ditu. Entzuteko bezala izango da ikusteko saioa, Antton Olariagak agendarako propio egindako ilustrazioak erakutsiko baititu, umore finez.

Bertso bazkari berezi honen txartela 28 euroan dago salgai, eta haurren txartela 15 euroan. Egin erreserba ARGIAren Azokan, edo ARGIAra deituta: (+34) 943 37 15 45 zenbakian. Beste aukera, Azpeitiko Elikagunea dendara joan eta bertan erreserba egitea da.

Irailaren 26an Azpeitian, bertso bazkari berezian, eskura egongo da 2027ko agenda.

Informazio gehigarria

Adina

Heldua, Haurra

Erosketa Saskia0
Saskia hutsik dago!
Jarraitu erosten
0