Deskribapena
Orotariko gaiak bildu ditu 108 orrialdeko urtean behingo aldizkari berezi honek. Paula Estevezen ilustrazioak hartzen du azala. Goiburuak hausnartu eta eztabaidatzera gonbidatzen gaitu: Alkoholaren kulturatik at ere bizitza dago, “oharkabean pasatzen den drogari” erreferentzia egiten diona.
Hortik aurrera erreskadan datoz gai denak, gai desberdinak, luzeago edo motzago landuta (ez baitu gehiago edo gutxiago lantzea esan nahi), erreportaje, iritzi-artikulu edo elkarrizketa modura, nazioartekoak bezala etxekoak, aktualitateari lotuagoak edo atenporalagoak. Euskara, ingurumena, feminismoa, nazioartea, bidaiak…
Aurtengo berrikuntzetan koka genitzake, adibidez, lehen orrialdeak betetzen dituen ‘Librearen ederra’ edo bukaerarako erreserbatu den ‘Sasien gainetik’ atalak. 2022an Wikipediara lizentzia libreekin igotako irudirik onenak bezala hautatutakoetatik dozena erdik irekitzen dute aldizkaria. Ibilbideen gomendioak, bestalde, ez dira nobedadea, baina bai hauen aukeraketa; aurten azpiegitura handiek edo problematika batek mehatxatutako inguruak ekarri baitira orriotara.
2023ko Gakoak itxi du Pedro Ruiz de Eguino hil da ipuinak. Cira Crespok idatzi du, eta Shu Oterok egin ditu ilustrazioak.